14. Karrantzako bailara ezagutuz

  • Deskargatu track-a hemen
  • Karrantzako ibar zabalaren erdialdean dagoen Kontxako udaleko plazatik irten naiz. BI-4625 eskualde-errepidetik noa, trafiko gutxiko errepidea. La Tejeratik igaro eta urrunean Ordunteko Mendien mendikatea ikusten hasi naiz, muga naturala Burgosko probintziarekin. Mendiaren beste aldean Ordunteko urtegia dago eta aurrerago Balmaseda. Markoa paregabea da.

    Lanzas Agudas herria Balgerriko hegalean kokatzen da, Peñacueto bezala ezaguna. Hau igotzea tokatzen da. Lehendabizi Bierretik igaroko naiz. Aurrerago Balgerri ibaia gurutzatuko dut, ia 2 kilometroko igoera gogorra hasten da, altura hartzen lagunduko didaten kurba itxi ederrekin, herrira heldu arte.

    Herri osoa zeharkatu eta GPSentzako bidean marka batekin (bidegurutzea ezk.-Balgerri basoaren hasiera) adierazi dudan pista batetik murgildu naiz mendian. Puntu hrretatik aurrera hasten baita Karrantzako Bailarako promozio turistikoko ibilbide liburuko 2. ibilbidea. Pista aldapa gogorretatik goraka doa Balgerriko basoan barneratu arte, Bizkaiko pagadirik handienean. Balgerri ibaia gurutzatu eta izena ematen dion mendiaren (1.104 m) ipar-hegalean kokatuta. Pagoa da espezierik nagusiena, haritzak, haltzak, lizarrak, haginak eta gorostiak ere aurkitu daitezkeen arren. Erreka ezberdinak gurutzatzen joango naiz pistatik jarraitzeko. 

    Los Cubillejos inguruan eskuinetara igoera garbian doan pista hartu daiteke, Cornezuelora (709 m) iristen dena. Denboraz ondo gabiltzanez eta indarrak izanda, ez dut “igoeratxoa” egiteko zalantzarik izan goraino heldu eta gailurreko bistez gozatzeko.

    Buelta bat eman dut oinez gailurretik inguru zoragarriaz gozatuz, han eta hemen argazkiak ateraz. Egun osoa igaroko nuke hemen, baina bide asko daukat oraindik egiteko. Bernalesa jaisten den pistatik aldendu naizen puntu berera itzuli naiz. Cornezueloko hegalaren ertzetik, puntu hori justu behean ikusten da, baina hutsegite bat izan dut eta garesti ordainduko dut; ADI GPSentzako bidean marka batekin (ADI-zuzen jarraitu) adierazi dudan puntu honetan. Izan ere, ezkerretara dagoen saihesbidea hartu dut, itxitura bat irekiz igaro dudana. Bertatik azkarrago jaitsiko naizela iruditu zaidan arren, mendi itxi eta sastrakazko bide igarogaitza bihurtu da eta hanka zein besoak mailatuta amaitu dut. Zuek hasierako pista horretatik jarraitu beharko duzue, berau utzi gabe, eta Bernalesera eramango zaituzte.

    Herrian gelditzea erabaki dut, zerbait jan eta heldu naizen zauri eta urradurak pixka bat garbitzeko.

    Indarrak berritu eta errekuperatu orduko jarraitu dut bidearekin. Orain, nire bizikletako balaztei pindarrak aterarazten dizkieten desnibel handiko jaitsiera itzelak datoz. Nik, garai batean bezala, zapatak janzten ditut oraindik, eta hauek indarrez kirrinka egiten dute paraje zoragarri hauetako isiltasunean. Pandora iristeko asko jaitsi behar da Bernales ibairaino eta bertatik igo. Hemendik aurrera ibilbidea gora-behera etengabea bihurtuko da, erabateko hanka-haustea. Pandora heldu naiz, Las Escaleras bezala ezaguna den lekuraino saihestu dut. Hemen GPSentzako bidean 2. ingurabidea markarekin adierazi dut 8 kilometroko ibilbidea, Burgeñoko hegaletan barneratzen dena, bertako erreketan barrena ibiliz Montañanen atera arte, eta gero nik daramadan ibilbide berarekin elkartzen da. Ez naiz horri behar bezala aurre egiteko adinako indarrarekin sentitzen, Cornezuelo, egindako akatsa eta gainerako bideak zuzenean Cezurara jarraitzeko hautua egitea eragin dute. Herri honetara sarrera oso polita da. 

    Cezuran ura bete dut herriko erdigunean kokatzen den iturrian. Errepide bakartietatik jarraitu dut berde bizi koloreko bailara ederrak zeharkatuz hurrengo herrira heldu arte, La Cerca. Lehenengo Bilbo-Santander trenbideek azpitik pasa naiz eta La Cerca ibaia lagun izanik, toki lauetatik aurrera jarraitu dut errepide on eta lasai batetik El Callejon azaldu arte, BI-630 errepidean. Parean etxe handi bateko fatxada armarri eder batekin, lur horietan finkatu ziren belaunaldi eta belaunaldietako heraldika.

    Puntu honetan Ahedo herrira igotzen den errepide txiki bat irteten da, hori da hartuko dudana. Ibaia igaro eta desnibel handiekin igotzen hasi naiz, trenbideak pasa eta La Calera de Ahedo auzora iritsi naiz. La Sierra igotzen ari naiz eta 300 metrotara dago Peña. Haitz txiki honen gailurrera heldu naizenean, beheraka joaten uztea bakarrik geratzen zait Ahedoko herrira iritsi arte. Erortzear dagoen etxe bat ikusiko dugun lehen gauza, ezkerretara. Ezkerretara kurba handi bat eman ondoren, nire aurrean agertzen den Ahedoko elizaren tamaina izugarria hauteman dezaket.

    Dagoeneko ibilbide zirkularra osatzea bakarrik falta da Kontxara jaitsiz, etapa amaiera.