13. Maza de Pandoko mendi-hegaletatik

Deskargatu track-a hemen

Ibaia gurutzatu orduko, eskuinera biratuko dugu ibilbide zirkularra hasteko bere ibilguaren ertzetik doan pistatik. Inguruan pinuak nagusitzen dira, altura eta edertasun handiko ale batzuekin. Aurrera goazen heinean, desnibelak are nabariagoak dira, izan ere,  pistatik pixka bat irtenez gero, deskuidu batek amildegira eraman gaitzake; eta halaxe da, izutzekoa baita ibairainoko altuera. Ibaitxo berri bat gurutzatu beharko dugun puntua helduko da, oraingoan Linaresen. La Poza (906 m) mendiaren hegalean gora joango gara. Azken aldapak bizikleta gainean egitea ia ezinezkoa izango da. Armiarma batek bide erdian ehuntzen du bere sarea biktimaren zain. Kontuz igaro naiz, tranpa bere horretan utziz, naturak bere zikloak bete behar ditu. Desnibelak gaindituta, pinuditik zelai eremu altu batera irten naiz eta bertan galanperna (macrolepiota procera) ale ederra topatu dut. Bat badago… gehiago daude.

Azkenaldian ALUCHEROAK mikologiara zaletzen ari gara. Btt eta perretxikoak, konbinaketa ona. Parasol eta txanpiñoi kantitate ona jaso eta badut afaria. Jaisten hasten naiz. Sobrepeña aldera doan bidean ermita txiki bat (San Isidrokoa dela uste dut) eta ahuntz talde zoragarri bat aurkitu ditut. Gozamena da animalia hau mendian nola moldatzen den ikustea. Beheraka jarraitzen dut, Montañán auzunera heldu arte, Enkarterriko bere baserri tipikoekin. Zementuzko pista batera irten eta ibilbide zirkularra burutzea bakarrik geratzen zait. Egun borobila izan da, mendia, pinudiak, perretxikoak eta btt inguru pribilegiatu batean.