izatea plaza modura funtzionatuko zuen eremua, baina kaleen eta eraikinen kokaerak egitura hau sortu du, herriaren muina hartzen duena; horrek berezko garrantzi instrumentala eta estrategikoa aitortzen dio. Autoa iritsi aurretik, herriko festetako erreferentea izan zen, igandetako dantzen argazkiek erakusten duten bezala.
Plaza Zaharreko eraikinek ukitu kantabriar nabarmena dute eta deigarriak dira haien egurrezko balkoi korrituak. Kantabriako ekialdeko etxe-arkitekturaren ezaugarriak dituzte, lotura estua baitu Lanestosak harekin, historiaren bitartez baino areago, geografia, ohitura, folklore eta etnografiako ezaugarrien eskutik.
N-629 errepideko ibilgailuen emanak iraganeko jai-eremua erabiltzea eragotzi zuenean, Plaza Berriak edo Dantzarien Plazak lekukoa hartu zion Plaza Zaharrari. Eraikuntza moderno bikaina da; ibaiaren, errepidearen eta parrokia-elizaren goiburuaren artean kokatuta dago. Haritzezko habe sendoek arkupetzen dute. Bada, berriki eraikitako plaza hau topagune izan ohi da jai handietan, batik bat herriko jaietan eta ospakizunetan.
Zubi zaharra 1760an eraiki zen, herria zeharkatzeko hobekuntza modura; izan ere, Madrilgo Errege Bidea Laredora desbideratzeko proiektua zegoela jakin zuten, Los Tornosetik Sobako Haranean barrena. Lanestosak jakin izan du beti biziraupena errepide-herri izateak bermatuko ziola. Gaztelarako eta Kantaurirako atea zen eta nahitaezko igarobide bihurtu zen bidaiari, merkatari eta salgaien garraiolari ororentzat; hortaz, ulergarria da udal agintariak urduri egotea halako mehatxuaren aurrean: zubia eraikitzea hainbeste bihurtu zen “estatuko arrazoi” ezen bi urte baino ez zituzten behar izan Liendo kantabriar herriko hargin Pedro Llanderas jaunaren zuzendaritzapean zubia altxatzeko, 3.358 errealeko aurrekontuarekin.Erdi-puntuko arkuko zubia da, 11,30 m argi eta 2,60 m-ko bide-zabalera dituena.
Fuente de la Piña inguruan plazatxo polita dago, eskola zaharren eta ikuztegiaren aurrean; herritarrek La Acorralada esaten diote. Haur zein helduentzat aisialdirako toki ezin aproposagoa da; harlanduzko aulki dotoreek, lorategi aldeak eta itzal-zuhaitzek egin dute hain erakargarri.
Eskolak 1888an eraiki ziren eta bi solairutan banatzen dira simetrikoki. Mutilak eta neskak bereizirik zeuden behe solairuko gela banatan: ezkerretara neskak jartzen ziren eta eskuinetara, berriz, mutilak. Lehenengo solairuan maixu-maistrak bizi ziren.
Ikuztegiak 1897ko otsailaren 22an eraiki zituen Francisco Echevarría arkitektoak, jatorriz Ampuerokoa zenak. Gaur egun, mediku-kontsultategia da.
Colina Jauregiak, Errege kalearen buruan, ibilaldiari hasiera eman dion memoria historikoari heltzen dio berriz. Etxebizitza-eraikin kultuena izateaz gain, Lanestosako interes monumental handiena duen eraikin zibila da. Jauregi planta du eta garrantzitsua da tipologia eta osagai formalei dagokienez; eta guztiz bat dator Euskadin XVIII. mende erdialdera eraiki ohi ziren jauregiekin. Bertako jauntxoen bizitokia zen, Madrilgo merkataritzan, kolonietan eta administrazioan errotzen zirenak.
Jauregi honetan arreta deitzen dute sarrera-ate modura dituen elkarren ondoko bi arkuek, bebarru edo atari ireki bat osatzen dutenak; berriketarako elkartzen zen jendea bertan, edo lanak egiteko, eta zama-gurdiak ere sar zitezkeen barrura. Izan ere, hainbat lanestosarren testigantzen arabera, hori zen kostatik Gaztelako goi-lautadarako bidean zalditeria hornitzeko guneetako bat.
Bitxikeria modura esan daiteke jauregi honen jabeak kultura handikoak eta dirudunak izan zirela, liburutegi bat ere baitzuten, guztiz ezohikoa XIX. mende amaieran, askok ez baitzekien irakurtzen landa-eremuetan.